WhatsApp Image 2022-07-21 at 11.18.21 AM

FESTA ETA DANTZA ELKARTASUNAREN ALDE

Saluganda elkartean hainbat lan egiten dira Euskal Herrian zein Ugandan, gure bazkideen zereginak bideratzen eta beharrizanak asetzen saiatzen gara, gustura eta gogoz egiten dugun esfortzu eta lanaren bitartez. Lan horrek ez du beti forma edo itxura bera hartzen, batzuetan landa lanean bertan egindako lanaren itxura hartzen du, Ugandako ume eta emakume zoragarriekin esperientziak partekatuz. Beste batzuetan, Euskal Herrian egiten ditugun bilera eta estrategia prestaketa moldea hartzen du. Oraingoan, pozez gainezka gaude festa itxura hartu duelako!

Maiatzaren 12an Saluganda elkarteak proiektuaren difusioa eta diru-bilketa helburu zuen egitasmoa antolatu zuen, musika eta elkartasun merkatu batez hornitutako ekintza berezia. 12 eurotako sarreraren bitartez, bertaratutakoek Arriaga Big Band taldeaz gozatzeko aukera izan zuen elkarterari ekarpena egiten zion heinean.  Ekintza arratsaldeko 18:00etan hasi zen Bilboko Zazpi Kaleetan kokatutako Hika Ateneoa aretoan. Elkartasun merkatuarekin eman zitzaion irekiera eta bertan, Ugandako oihalekin ekoiztutako hainbat pieza jarri ziren salmentan: eskuko zorroak, diru-zorroak, giltzariak, nezeserrak, kamisetak, alkandorak eta goma-xingola koloretsuak, besteak beste. 

Ondoren, arratsaldeko 20:00etan, Arriaga Big Band taldearen kontzertuaren aurretik, Saluganda elkartean ordura arte parte hartu zuten pertsonen bideoa ikuskatu zen, Euskal herriko eta Ugandako bazkide eta partaideen bideo laburrez eta Ugandako musika alaiez sortua. Une hunkigarriak bizi izan ziren aretoan, eta emozioei bide emateko, Arriaga Big Band-en tronpeta eta saxofoiek jarraitu zuten, ekintzari festa giro paregabea erantsiz.

Maiatzaren 12ko arratsaldea oso egun berezia izan zen ez bakarrik Saluganda elkarteari babesa emateko antolatutako elkartasun ekitaldira hurbildu diren pertsonentzat, baizik eta, bereziki, elkarteko bazkideentzat. Bazkideei euren elkartasuna aitortu eta bertaratutako kanpoko pertsonei eskertu ahal izan zitzaien eta, beste behin, gizarte justu eta biziago baten aldeko apustua bizirik dirauela frogatu genion geure buruari. 

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *